jabekidetasuna
Zenbait pertsonak gauza indibisoaren jabetzan duten partaidetza.
Adibidea. Hiru lagunek lokala erosten badute batera, lokal horren jabekide bihurtuko dira.
Jabetza Erregistroa
Erregistro publiko horretan, ondasun higiezinen gaineko jabetzari eta eskubide errealei buruzko egintzak eta kontratuak inskribatzen dira: salerosketak, hipotekak, trukaketak, obra berriak, ondasun higiezinak sozietateetara ekartzea, gozamenak, herentziak, zatiketa horizontalak etab.
Erregistro hori jabetza-erregistratzaileen ardurapean dago.
jabetza intelektuala
Legeak egile-eskubide hori aitortzen dio lan artistikoaren, zientifikoaren nahiz literatura-lanaren egileari, lan hori argitaratzeko, aldarazteko eta ekonomiaren ikuspuntutik ustiatzeko.
jabetza soila
Jabetza halakoa da gozamenik ez dagoenean,
gozamen hori jabeaz besteko norbaiti dagokiolako.
Gozamenaren bitartez, horren titularrak inoren gauza (ondasun higiezina, higigarria, akzioak etab.) erabil dezake, beste guztiak baztertuz, eta, gainera, gauza horrek ematen dituen fruituak edo errentak eskura ditzake (adibidez, gozamenaren objektua etxebizitza bada eta errentan ematen bada, gozamendunak jasotzen du errenta). Alabaina, gozamendunak ez du ondasunaren gaineko jabetza, hori jabe soilari baitagokio; jabe soila da, izatez, gozamenik ez duen jabea.
Gozamenak iraungo du, gehienez jota, hura zein pertsonarentzat eratu eta pertsona hori bizirik dagoen artean (epe laburragorako era daiteke, ez, ordea, luzeagorako). Horrela, jabe soilak, bitarte horretan, ezin du gauza erabili, baina honako igurikimen hau du: gozamena azkentzean, berak eskuratuko du gauzaren gaineko jabetza osoa, eta, nahiz eta gozamendunak bere eskubidea saldu, horrek ez du sekula iraungo haren biziak baino gehiago.
Adibidea. Adibiderik ohikoena herentzietan gertatzen da. Gurasoa hil egiten da eta ezkontideari (senarrari edo emazteari) ondasun guztien gaineko gozamen unibertsala ematen dio legatuan, eta, horrekin batera, jaraunsle izendatzen ditu seme-alabak (jabetza soilean, beraz).
Ezkontide gozamendunak jakin badaki, bere bizi osoan zehar, hildakoaren ondasun guztiak erabili ahal izango dituela eta ondasun horien ondoriozko errentak jasoko dituela, eta hori ezin izango dutela seme-alaba jaraunsleek eragotzi. Are gehiago, nahiz eta seme-alabak herentziako etxebizitzaren jabe soilak izan, euren aitak edo amak bertan sartzea eragotzi ahal die, gozamendun bakarra bera delako. Bestalde, seme-alabek jakin badakite hildakoaren herentzia osoa aitak edo amak lupertzen duela, eta orain ezin dutela hori erabili; baina, aita edo ama hiltzean, eurek eskuratuko dute jabetza osoa, aita edo ama hiltzean herentziako ondasunen gaineko gozamena azkenduko delako. Aitak edo amak ezin izango du ondore hori saihestu.
jabetza zenbaiten esku egotea aldi berean
Kasu horretan, jabetza
proindibiso dagokie pertsona bati baino gehiagori aldi berean.
Jabekidetasunak adierazten du jabetza (edo jabaria) elkarrekin banatzen dela.
jabetza(-)endosua
Horren bitartez,
kreditu-tituluaren jabetza eta horri erantsitako eskubide guztiena lagatzen da.
jaiotza(-)ziurtagiria
Erregistro Zibil eskudunean jaiotzari buruzko inskripzioa egitea eta horren erregistroa alderatzea.
jakinarazpena / jakinaraztea
Egintza horren bitartez, notarioak, legezko formalitateak baliatuta, alderdi interesdunari informazio edo erabaki zehatzaren berri ematen dio (eskuarki,
notario-aktaren bat eskuetsi izanaren ondorioz).
jakinarazpen(-)akta
Notario-akta horren bidez, notarioak eduki zehatz bat jakinarazten dio beste pertsona bati edo batzuei, interesdunak horretarako agindeia egin diolako.
Adibideak. Akta bidez, errentariari jakinarazten zaio kontratua amaitzeko dagoela eta etxebizitza utzi behar duela. Akta bidez, norbaiti jakinarazten zaio diru-kopururen bat zor duela eta hori ordaintzeko agindeia egiten zaio. Akta bidez, norbaiti agindeia egiten zaio, agiri jakin batzuk aurkez ditzan, edo ustez legearen kontra ireki duen leihoa itxi dezan. Edo, besterik gabe, akta bidez eskatzen da ustez bete ez den kontratua betetzea etab. Horrenbestez, aktaren edukia era askotakoa izan daiteke, kasuan-kasuan egin nahi diren jakinarazpenen arabera.
jaraunsgabetzea
Hori da testamentugileak duen ahalmena, nahitaezko jaraunsleren bati (beste modu batera esanda, senipartedunen bati)
senipartea kentzeko. Praktikan, jaraunsgabetua herentziarik gabe geratzen da guztiz. Norbait jaraunsgabetzeko, legez ezarritako arrazoietatik bat gertatu behar da, jaraunsgabetzeko arrazoien zerrenda itxia baita.
jaraunslea
Bera da, testamentu bidez nahiz lege-xedapenaren ondorioz, beste norbaiten ondasun, eskubide eta betebehar guztiak edo batzuk jasotzen dituena.
Jaraunslea “oinordekoa da, titulu unibertsalaren bidez”; legatu-hartzaileak, berriz, legatua jasotzen du eta oinordekoa da banakako tituluaren bidez. Jaraunsleak eskuratzen du beren-
-beregi legatuan eman ez den guztia, bai hildakoaren ondasunak eta eskubideak, bai haren zorrak. Hortaz, jaraunslea hildakoaren oinordekoa da ondorio guztietarako.
jarauntsi indibisoa
Jaraunsleak edo jaraunsleek (esanbidez nahiz isilbidez) herentzia onartu badute, eta, ondorenez, eskubide osoko jaraunsleak badira, baina oraindik ez badira ondasunak euren artean banatu forma egokian, orduan herentzia ondasun, eskubide, zor eta betebeharren baterako multzoa da, hala denean, banaketa formalizatu arte. Egoera horri deitzen zaio, hain justu ere, jarauntsi indibiso.
jarauntsi jasogabea
Kasu horretan,
jaraunsleak arbuiatu egin du herentzia, edo, bestela,
kausatzailea hiltzean, oinordeko legitimoetatik edo testamentuzko oinordekoetatik batek ere ez du egiaztatzen herentziaren gaineko eskubidea duenik.
jarauntsi onartua
Herentziaren kasu horretan, jaraunsleak edo jaraunsleek dagoeneko adierazi dute herentzia hori bereganatzeko borondatea dutela.
jarauntsi onartugabea
Herentzia horren gaineko eskubidea dutenek oraindik ez dute hori onartu, eta, beraz, herentzia banatu gabe dago haien artean.
jarauntsia
Ondasun, eskubide eta betebeharren multzoa da; behin horien guztien titularra hilda,
jaraunsleari edo
legatu-hartzaileari eskualdatzeko modukoak dira.
jarauntsia arbuiatzea
Egintza juridiko horren bitartez, jaraunsleak forma egokian adierazten dio notarioari edo epaile eskudunari herentziari uko egiten diola.
Uko-egitea ezeztaezina da, eta, eskuarki, notario-eskrituraren bitartez egiten da. Herentziari uko egiteko arrazoia izan daiteke, besteak beste, hildakoarengandik ezer jaso nahi ez izatea, norberaren neba-arrebek gehiago jasotzea nahi delako, edo herentziak ondasunak baino zor gehiago dituelako, eta, beraz, ondasunak jaso beharrean, zorrak ordaindu beharko direlako.
jarauntsia azaltzea
Herentzian jaraunsle bat baino gehiago egonez gero, nahitaezkoa da herentzia hori haien artean banatzea. Jaraunsle bakarra badago, aldiz, nahikoa da berak herentzia onartzea eta ondare osoa bere buruari adjudikatzea. Kasu horretan aipatzen da jarauntsia azaltzea.
jarauntsia banatzea / jarauntsiaren banaketa
Zenbait pertsonaren artean herentzia partitzea,
partaide bakoitzari zein zati egokitu eta zati hori adjudikatuz.
Jarauntsiaren banaketa eskritura publikoan egin ohi da; baina, zenbait kasutan, herentzian balio urriko gauzak daude, edo dirua eta ondasun higigarriak bakarrik daude, eta, orduan, jarauntsia banatzen da, dokumenturik idatzi gabe, dagoena modu materialean partituz. Ondasun higiezinak tartean izanez gero, ordea, beti notarioarengana jotzen da.
Banaketaren bitartez, jaraunsle edo
legatu-hartzaile bakoitzari adjudikatzen zaio berari dagokiona, eta horrek aldaki eta modalitate asko izan ditzake. Esate baterako, banaketa ez da modu berean egingo
albazea, kontulari-banatzailea tartean dagoenean eta ez dagoenean; ez da modu berean egingo
senipartedunak daudenean eta ez daudenean etab. Agiri hori prestatzeko, maiz-sarri, jakite juridikoetan maila handia izan behar da, tartean erakunde konplexuak izan daitezkeelako (seniparteak, testamentuak, albazeak, jaraunsgabetzeak, zergak, legatu-mota desberdinak, irabazpidezko sozietatea lehenago likidatu beharra etab.).
jarauntsia likidatzea / jarauntsiaren likidazioa
Eragiketa horien bitartez,
jaraunsleen artean zatitu beharreko zenbateko garbia kalkulatzen da.
jarauntsia onartzea / jarauntsiaren onarpena
Norbaiti jarauntsia eskaintzen zaionean
testamentuan edo
abintestato, subjektu horrek agerraraz dezake jaraunsle bihurtu nahi duela, horrek legez dituen ondorio guztiekin. Bada, hori agerrarazteko egintza da, hain zuzen ere, jarauntsia onartzea. Beste hitz batzuekin esanda, testamentu bidez edo lege bidez izendatutako jaraunsleak adierazten du izendapen horrekin ados dagoela.
Jaraunslea hildakoaren oinordeko bihurtzen da ondorio guztiekin, hala haren ondarean, nola ordaintzeko eta betetzeko dauden zor eta betebeharretan.
Bestalde, jarauntsia esanbidez onar daiteke, edo, osterantzean, isilbidez (jaraunsle izanik bakarrik burutu daitezkeen egintzen bitartez); baina, kasurik gehienetan, esanbidez onartzen da, notario-eskrituraren bitartez.
Adibidea. Guraso biak hildakoan, hiru seme-alabek euren artean banatu nahi dituzte haien ondasunak (jarauntsiaren banaketa forma egokian egin nahi dute). Horretarako, seme-alabek notarioarengana jo eta eskritura egilesten dute; eskritura horretan, lehenik eta behin, gurasoen jarauntsia onartzen dute, eta, gero, ondasunak banatzen dituzte, bakoitzari hizpatutakoak adjudikatuz.
Kontrako kasua izango litzateke jarauntsia arbuiatzea edo horri uko egitea, hau da, jaraunsle izateko deia hartu duenak izendapen hori ez onartzea.
jarauntsiaren aktiboa
Hildakoaren oinordetzak zein objektu izan eta objektu hori osatzen duten ondasun eta eskubideen multzoa.
jarauntsiko hartzekoduna
Hildakoaren kontrako kredituaren titularra da bera; pertsona horrek hildakoaren jaraunsleei erreklamatu ahal izango die kreditua.
Adibidea. Norbaitek ibilgailua erosteko finantzaketa-kontratua sinatu du, eta, kuota guztiak ordaindu gabe daudenean, hil egin da. Halakoetan, finantza-erakundea jarauntsiko hartzekodun bihurtuko da.
jarauntsiko masa
Oinordetzako ondasun guztien multzoa da hori, hildakoaren ondarea, alegia.
jarauntsiko ondasunak
Halakoak dira jarauntsia osatzen duten ondasunak, herentzia jaraunsleen artean banatu aurretik. Behin banaketa eginda, esamolde horrek esanahia galtzen du.
jarauntsitik hartu beharrekoa
Behin jarauntsia banatuta, jaraunsle bakoitzari
ondasun jakin batzuk dagozkio, eta horiek osatzen dute, hain justu ere, hark jarauntsitik hartu beharrekoa.
juridikoa
Zuzenbideari buruzkoa, zuzenbideari dagokiona eta horrekin bat datorrena.
jurisdikzioa
Epaileek eta auzitegiek legez dute botere edo ahalmen hori, epaitzeko eta epaitutakoa betearazteko.
Botere edo ahalmen hori zein toki edo lurraldetan gauzatu, eta toki edo lurralde hori.
jurisdikzio(-)organoa
Estatuaren organo horrek bi alderdi kontrajarrien arteko gatazka juridikoak ebazten ditu, eta ebazpen horiek, gainera, aginduzkoak dira.
Adibideak. Auzitegi Gorena, probintziako audientziak.
jurisprudentzia
Zuzenbidearen zientzia.
Auzitegiek emandako
ebazpen judizialen multzoa, eta, berebat, ebazpen horiek barruratzen duten
doktrina.
Jurisprudentzia, izatez, ez da zuzenbidearen iturria, baina antolamendu juridikoa osatzen du, Auzitegi Gorenak bere epaietan behin eta berriz ezartzen duen doktrinaren bitartez.